XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) zaila bailitzateke onartzea halabeharrak bultzatzen dituela hiru haur euskararen gramatikaren jabekuntza-garapena era berean gauzatzen.

Bide horretatik abiatuz, gramatikaren jabekuntzaren garapena ikertzeko asmoaz, gramatika-kasuen, aditzek adierazten duten pertsona-komunztaduraren, aditz nagusien aspektuen, menderagailuen, konplementagailuen, osagai-hurrenkeraren, ezeztapenaren eta NZ-perpausen (zati-galderak) jabekuntza aztertu ditut batez ere.

Gramatikaren jabekuntza hau bideratzeko orduan Gobernu eta Uztardura Teoriaren ildotik abiatzea erabaki dut.

Azken urteotan hizkuntzaren jabekuntzaren arloko ikerketetan ekarpen garrantzitsuak eman dituen metodo zehatza eta erabilia izan delako egin dut hautaketa hau.

Beste hizkuntzetan ikertutakoa ikusirik, haurrek gramatikaz jabetzean aro ezberdinak gauzatzen dituztela ikusteko aukera izan dugu.

Hipotesietariko lehena, beraz, jabekuntza mailakatuaren aldekoa da, eta mailaketa perpausak berak duen ordena hierarkikoaren arabera gauzatzen dela uste da.

Horrela, ikerlana hasterakoan, nire ikuspuntu teorikoaren arabera, gramatikaren jabekuntzaren bidean haurrek honako aroak beteko dituztela pentsatzen nuen:

1. Inolako gramatika-ezaugarririk gabeko aroa.

Hitz biko eta gehiagoko esaldiak ekoizten hasterakoan gertatuko dena.

2. Aditz-kategoriaren egitura eta lehen gramatika-ezaugarriak erabiltzen hasten diren aroa.

3. INFL funtzio-kategoriaren erabileraren hasierak mugatzen duen aroa.

4. KONP funtzio-kategoriaren erabileraren hasierak zabaltzen duen aroa.

Ikerketan zehar euskararen gramatikaren jabekuntzaren garapen mailakatuaren aldeko frogak sendotzen joan diren bitartean, urrats edo aro ezberdinak mugatzeko erabili ditudan gramatika-erizpideak ere heltzen joan dira.

Zeregin honetan asko lagundu didate beste hizkuntzetako jabekuntzari buruzko ikerlariek eginiko ikerketek, eta argiago dakusat agian hizkuntza guztietan antzeko garapena izango dutela haurrek.

Guzti horrexegatik, haur euskaldunek euren hizkuntzaren jabekuntza-garapenean, gramatikarenean hain zuzen, egiten dituzten aro ezberdinak bereztea izan dut ikerlan honetako helburua.

Haurren hizkuntzaren jabekuntzaren arloan ikertzen jarraitu baino lehenago, oinarri hau sendo eraikitzea beharrezkotzat jotzen dut, eta beraz jabekuntza-garapenean gertatutako edozer aro ezberdinen barruan mugatzen ahalegindu naiz, ez baita gertatuko, nire ustez behintzat, ezein gramatika-garapen berezirik garapen orokorretik at.